You are on page 1of 19

BARATZE EKOLOGIKOARI BURUZKO IKASTAROA

Egunero jende gehiago jaiotzen da, baina ez lur gehiago. Will Rogers

estiredondo@hotmail.com

Metodo Biointentsiboa lurra lantzeko modua da, nekazaritza biologikoaren barnean kokatuta. John Jeavons izan zen sustatzailea eta, esperimentatzen 30 urte eman ondoren, uztak nekazaritza kimiko eta mekanizatuarekin baino bi-sei bider handiagoak izatea lortu du. Ur kopuruaren heren bat baino ez du erabiltzen eta elikagaien kalitate nutritiboa hobetu du. Teknika erraza da eta ez du makina astunik behar, ezta inbertsio handirik ere. Klima ezberdinetan erabil daiteke eta lur elkorrenetako emaitzak hobetzen ditu. Leku txikian elikagai gehiago ekoizteko aukera ematen du. Ia ehuneko ehun iraunkorra da eta autogestioan eta auto-horniduran oinarritzen da. Familiako baratzeetan zein eskala txiki edo ertaineko merkataritzako ekoizpenetan da baliagarria. Ez da errezeta aldaketa, baizik eta gauzak ulertzeko moduaren aldaketa, filosofia bat, nekazaritza indigenatik hurbilago dagoen moldea. Ez gara saiatuko izurriteekin amaitzen, baizik eta ekosistemak orekatzen; ez ditugu adabakiak jarriko, irtenbideak bilatuko ditugu. Metodo honek gosea eta desnutrizioa desagerrarazten lagun dezake, autogestioan oinarritzen delako, barietatean, eta komunitateak independenteagoak egiten dituelako. Energia aurrezten du, eta gure lurren pobretzea saihestu.

EGOERA MUNDUAN Arazo nagusiak 1. Lurra galtzen ari gara. Ereiteko lurraren %63 basamortu bihurtzen ari da nekazaritza agrokimikoak eginiko kaltea dela eta. Lurrak 3.000 urte beharko lituzke bere horretara itzultzeko. Mendebaldeko herrialdeetan, 12 kilo lur galtzen da ekoizten den janari kilo bakoitzeko. Haragia jaten badugu, jakin behar dugu 8 kilo lur behar ditugula kilo bat behi-haragirako, 3,5 kilo lur kilo bat txerri-haragirako, bi kilo lur kilo bat oilaskorako eta 1,5 kilo lur kilo bat arrain izateko.

2014rako kalkulatzen da ez dela egongo elikagaiak ekoizteko adina lurrik. - AEBan, ekoizten den laborearen %70 abereen kontsumorako da, eta Argentinan ere antzeko egoera dute. - Pertsona bat elikatzeko baino hamar aldiz lur gehiago behar dugu behi bat elikatzeko. - Nekazaritza kimikoak naturak berak baino 18 eta 80 aldiz azkarrago higatzen du lurra. Ekologikoak berak ere higatu egiten du, kanpo ongarrien erabilera dela medio. Nekazaritza kimikoaren %2rekin, mundu guztiari eman diezaiokegu jaten, metodo hau eta antzeko beste batzuk erabilita.

2. Deforestazioa. Gero eta gehiago nabaritzen dugu klima-aldaketa. Zuhaitzen %11 baino ez zaigu geratzen dagoeneko. Minuturo, 12.000 zuhaitz desagertzen dira. Europako bizi-maila mundura esportatu nahi badugu, egungoa bezalako hiru mundu beharko genituzke.

METODOAREN HISTORIA Metodo Biointentsiboa (MBI) kultura ezberdinek historian zehar erabilitako hainbat sistematan dago oinarrituta. Komunitate txinatarrak antzeko sistema erabili izan du 4.000 urtean eta emankor mantendu ditu bere lurrak; azken 50 urteotan euren lurren %50 galdu dute nekazaritza kimikoaren ondorioz. Duela 2.000 urte, greziarrek deskubritu zuten lur aireztatu eta leunean landareak hobeto hazten zirela. Airea, ura, beroa eta elikagaiak hobeto sartzen dira, eta orduan hasi ziren goldatzen... Egun, lurra gehiegi goldatzen da. Frantzian, 1890ean, metodo intentsiboa deritzona abiarazi zuten. 50zmko zaldi simaur geruza jartzen zuten taulenetan (edo oholetan) eta oso estu ereiten zen. Steinerrek 20ko hamarkadako teknika biodinamikoak garatu zituen. Landare ezberdinen arteko loturak eta elkarri zein etekin ateratzen zioten ikertu zituen. Produktu agrokimikoen okerkeriez ere hitz egin zuen: elikagaien ezaugarri nutritiboak ez dira berberak, ez dituzte landareak ongi elikatzen, lurraren konposizioa aldatzen dute, bizitza makrobiotikoa (zomorroak) hiltzen dute eta landareak naturalki euren kabuz elikatzeko gaitasunik gabe uzten dituzte (erosoak bihurtzen dituzte). 1920 eta 1940 artean, Alan Chadwickek teknika biodinamikoak eta Frantziako intentsiboak uztartu zituen. Ekoizpena handitzen saiatu zen, lurraren emankortasuna eta egitura hobetuz. John Jeavons bere ikaslea izan zen. Bere buruari galdetu zion zein den pertsona batek bizirauteko behar duen guztia ekoizteko gutxieneko espazioa.

35 urte darama horren inguruan esperimentatzen eta Ecology Action izeneko elkartea sortu du. FILOSOFIA MBI (Metodo Biointentsiboa) bizimodu mota bat da, elikagaien ekoizpenerako behar den elikagaia ekoizteko ardura da. Horrek esan nahi du lantzen eta elikatzen duguna gure lurra dela, gerora berak ekoitzi ahal izateko beharko ditugun elikagaiak. Iraunkortasuna da, lurraren emankortasuna hobetzea, berau higatu beharrean. Iraunkortasun hori, elikagaietarako ez ezik, ekonomia eta ekologiarako ere ona da. Sargaietatik eta kanpo teknologietatik independenteago egiten gaitu. Sistema itxia da, hots: gure lurrak behar dituen elikagaiak ekoitziko ditugu, ongarriak, bestelako kanpoko ezertara jo gabe. Nekazaritza ekologikoaz, organikoaz edota biologikoaz ari gara, eskala txikian, teknologia sinplea baina sofistikatua darabilena eta mekanizatuari dagokionez honako aldeak dituena: - Ekoizpena bi eta sei aldiz handiagoa izatea lortzen du, baita lur pobretuetan ere. - Ez du makineriarik eta ongarri edo plagizida kimikorik behar. - Energia mekaniko edo giza mekanikaren %1 erabiltzen du, horrek esan nahi du energiaren %99 aurrezten dugula. - Uraren %30 baino ez dugu erabiltzen. - Autosufizientzia bilatzen du, sargaiak gutxituz eta horren erosketa ia bertan behera utzita. - Elikagaiak ekoizten ditu eta, aldi berean, lurraren emankortasuna berreskuratzen du. Emankortasuna %100 areagotzen du. - Kaloria ekoizpena %200-400 artean areagotzen du unitateko. - Etekin ekonomikoak %100 areagotzen ditu unitateko. - Lurrak bere kabuz egingo lukeena baino 60 aldiz azkarrago berreskuratzen du. 100 herrialdetan baino gehiagotan erabiltzen ari da eta filosofiaren oinarria honela laburbiltzen da: utz diezaiogun elikagaiak lantzeari eta ekin diezaiogun lurra lantzeari.

Landu espazio txiki bat eta zaindu ongi; ez zaitez lur zati handiago batekin hasi aurrekoa hobetzen ez duzun bitartean. Alan Chadwick DISEINUA - Permakultura, bizitzeko eta lantzeko espazioen diseinuaz aritzen da. - Diseinuaren barruan sartzen dira uraren erabilera, energia aurrezteko teknikak eta bizitzeko behar ditugun osagaien kokapena: etxea, ortua, bestelako landaketak, abereak... - Landare, abere eta baliabideei etekin handiagoa ateratzeko eraikitzen dugu, horiek akabatu gabe. Permakulturak bizitza iraunkor eta produktiboa bilatzen du, gutxieneko energia-kontsumoarekin. Hiru oinarri ditu: lurraren zainketa, jendearen zainketa eta baliabide eta soberakinen bidezko banaketa. Ekin baino lehen, pentsarazi egiten digu: egingo dudan honek, zein eragin izango du lurrean? Eta jendearengan? Soberakinak sortuko ditut? Nola hobe dezaket? Aldi berean, gauzak egitera behartzen gaitu, beti aitzakia faltsuak bilatzen ibili beharrean. Hori guztia baratzera edo barazkietara eramanda, lehen pausoa plangintza izango dela esan nahi du. Diseinu ona egin nahi badugu, denbora beharko dugu, horrela errepikatzea saihestuko dugu. Behin baino ez badugu lan egin nahi, hobe dugu ekin aurretik ongi pentsatzea. Honakoak dira helburu nagusiak: lekua ongi aprobetxatzea eta gure lana ahalik eta erosoena izatea. Bideak non egongo diren pentsatu behar dugu, non kokatu behar ditugun baliabideak (ur-hartunea, ongarri ontzia edo konpost ontzia...). Aldi berean, leku polita sortzen saiatuko gara, lan egitea atsegina izan dadin. Eta hori guztia egiteko, hainbat faktore hartu beharko ditugu kontuan: nolakoa den gure lurra, zenbateko aldapa dugun, nondik datorren ura, zenbat euri egiten duen, haizeak nondik jotzen duen... Gure baratzeak ez dute lauki formakoak izan behar, lorategi jangarriak sor ditzakegu. Diseinu biribilek karratuek baino hobeto profitatzen dute espazioa.

Oharrak: taulenen zabalera eroso lan egiteko modukoa izan behar da, pasabideen zabalera ere garrantzitsua da (aurrerago azalduko dugu). Diseinua amaitu dugunean, karez edo irinez markatuko dugu. Ziurrenik ez dugu diseinu osoa aldi berean eraikiko, baina argi izan behar dugu ezertan hasi baino lehen. Makilak eta soka erabiliko ditugu lerro zuzenak egiteko, edo konpas gisa.

PAUSOZ PAUSO 1. Taulenak (oholak), zulaketa bikoitza. Behin hori eginda, lurraren egitura hobetzeko, lurraren lehen bost zentimetroetan erein edo landa dezakegu berriz goldatu gabe. Azpi edo taulenen abantailak ilarei dagokienez, honakoak dira: airea, ura, beroa eta elikagaiak errazago sartzen dira lurra ongi landuta eta trinkotu gabe dagoenean. Ilaretan aire gehiegi izaten da batzuetan eta tenperatura eta

hezetasuna errazegi aldatzen dira. Sustraietan uholdeak sor ditzakete eta mikroorganismoak (birusak eta bakterioak) joatea eragin dezakete. Gure taulenek arazo bera izan dezakete lehen urteetan, ertzetan, horregatik da garrantzitsua ongi berdintzea (eta ongi eginda ere, erdiko landareek hobeto funtzionatuko dute). Ilara artean mugitzen garenean, lurra trinkotzen dugu; taulenak ez ditugu zapalduko eta lurrak aireztatuta jarraituko du. Lurra nasai dagoenean, sustraiak azkarrago hazten dira eta elikagaiak erraz mugitzen dira sustraitik hostoetaraino, eta alderantziz. Landaretxo bat gaizki prestatutako lurrera (gogorra) aldatzen badugu, sufritu egingo du eta bere hazkuntza motelagoa izango da; gelditu ere egin daiteke. Orduan, landarearen karbohidratoak proteinak baino gehiago garatuko dira eta, intsektuei izugarri gustatzen zaizkienez, bere aurka joango dira. Landareek gaixotzeko aukera gehiago dituzte; hori konpontzeko pestizidak erabiltzen baditugu, landare ahula bihurtuko ditugu. Are okerrago izango da ongarriak erabiltzea hazteko, lurrean dagoen bizitza hilko baitugu, landarea defentsarik gabe uzteaz gain. Azpien tamaina oso garrantzitsua da, nahi bezain luzeak izan daitezke, baina kontuan hartu gero ezingo ditugula zapaldu eta, hortaz, lana erosoa izateko bezainbeste pasabide jarri behar ditugula. Zabalera metro eta metro eta erdi artekoa izan behar da, bakoitzaren altueraren arabera, erdigunera arazorik gabe heldu behar gara eta. 80zmko pasabideak behar ditugu eskorgarako eta 40zmko beste batzuk bertatik ibili ahal izateko. Ferra formako azpiak markatzeko, 1,80zmko erradioa duten zirkuluak egingo ditugu. Lurra ona bada, azpien erpinak biribilduak izango dira, baina lehen urteetan karratuak izan behar dira, ongi markatutakoak, elikagai gutxiago galtzeko. Azpi hauen arazoa hasieran ematen duten lana da. 10 metro koadroko azpia martxan jartzeak sei eta hamaika ordu bitarteko lana eskatzen duela kalkulatzen da. Denbora hori belar txarrak kentzeko beharrik ez dagoenean eta gure

uzta handiagoa denean berreskuratuko dugu.

Hauek dira jarraitu beharreko pausoak: 1. Ureztatu lurra bi orduz ez dadin gogor egon. 2. Ez ukitu bi egunez pixka bat lehor dadin. 3. Kendu belar txarrak, sustrai eta guzti, eta bigundu sakoneraren lehen 30zmak sarde batez (edo hiruhortzekoaz). 4. Ureztatu bost minutuz eta itxaron hurrengo egunera arte, edo gehiago zokor handiak badira; hala bada, ureztatu lurra berriz bere kabuz bigun dadin. 5. Lurra hobetu nahi baduzu, hauxe duzu hondarra edo buztina gehitzeko momentua, 2,5zmko geruza gehienez. 6. Lurra ona bada, jarri 2,5zmko konpost geruza; egitura txarrekoa bada, 5zmkoa izan daiteke, baina oraingoan baino ez. 7. Ureztatu bost minutuz eta itxaron hurrengo egunera arte. 8. 30zmko sakonerako (palaren neurria) eta 30zmko luzerako lehen zuloa egingo dugu, konpostean edo hazitokietan erabiliko dugu gero. 9. Hurrengo 30zmko sakonera bigunduko dugu sardearekin. Berriz palarekin, luzerako hurrengo 30zmak igaroko ditugu zulora eta hondoa bigunduko dugu. Horrela, eskuarearekin berdinduz joango gara egindakoa, 3 edo 4 zangatik behin. 10. Azpia amaitutakoan, dena berdinduko dugu eta azken zuloa ere estaliko dugu. Lur asko kendu arren, ez da arazorik izango, aireztatuta egingo delako eta bolumena hartu duelako. 11. Lurraren azterketa egin baduzu eta elikagaiak behar badituzu, orain da unea: alpapak, algak, hezurrak... nahastu dena lehen 15zmko sakoneran. 12. Erein edo landatu. Erremolatxa, alpapa edo sustrai sakoneko beste landare batzuk landatzen baditugu, horiek ez dute lana egingo, prozesu motelagoa izango da, baina lana erraztuko digu.

OHARRAK: Litekeena da lehen urtean ez lortzea hurrengo 60zmak, baina urtetik urtera lurraren egitura hobetuz joango da eta errazagoa izango da sakonera handitzea. D itxurako heldulekua duten tresnak erosoagoak dira, zutik lan egiteko aukera ematen dutelako, jarrera erosoenean. Era berean, garrantzitsua da pala zuzen dagoela lan egitea, erpinak bertikal gera daitezen eta azpi guztiak sakonera bera izan dezan. Lurraren hezetasuna garrantzitsua da, bustiegi edo lehorregi badago, bere egitura hautsiko dugu eta lana astunagoa izango da. Ohol bat jar dezakegu taulenean lan egiteko eta lurra ez trinkotzeko hainbeste. Erabiliko ditugun jarrera eta mugimenduak garrantzitsuak dira. Gure gorputzak eskertuko digu eta lana errazagoa izango da. Aikidoaren antzeko

mugimenduak egingo ditugu, gorputza kulunkatuz eta gure pisua indar egiteko erabiliz. Mugimendu kopurua aurrezten saiatuko gara. Saiatu lur geruzak ez nahasten, baita hasierako 30zmetan ere. Lurra behatu behar dugu ondorengo ereintzetan. Oso trinkotuta ez badago, nahikoa izango da U itxurako tresna batekin biguntzea. Trinkotu bada, lana errepikatu beharko da konposta gainetik botatzen edota sakonerako 30zmak kentzean. Sistema honekin eta azpien tamaina egokiarekin ez dago lurra berriz zapaldu beharrik lan egitean. Honek trinkotzeak saihestuko ditu eta lurraren egitura hobetuz joatea ahalbidetuko du. Garrantzitsuena, beraz, ez zapaltzea da! Lurra nasai badago, sustraiak ere halaxe egongo dira, eta belar txarrak kentzea askoz errazagoa izango da. Garrantzitsua da berehala landatzea eta lurra inoiz ez uztea hutsik. Azpiek garaiera pixka bat hartuko dute; normala da, aire asko sartu dugu eta. Gure lurrak egitura duen jakiteko: hartu lur zati busti bat eta estutu eskuetan. Ireki eskua. Atzamar markak baditu eta erraz desegiten bada, egitura txikia duela esan nahi du. Atzamarrekin estutzean zokor txikiak sortzen badira, egitura ona du lurrak.

2. Konposta: Elikadura eta emankortasuna emateko gure lurrari. Egitura hobetzen du. Mila modu daude konpost ona egiteko. Zaborra eta hondakinak lur emankor bihurtzean datza. Multzo bat eraiki eta egonean uzten dugu, lur bihurtu arte. Helburua da elikagai ona sortzea gure landareentzat. Naturak hiru konposatu mota sortzen ditu: simaurra edo animalien gorotza, landareen sustraiak eta animalia eta landareen gorpuak. Konpost batek hainbat fase ditu, tenperatura aldaketengatik ezagutzen ditugunak: fase bakoitzean zomorrotxo desberdinek egingo dute lan. Animaliatxo hauek nitrogenoa lurrean sartzen lagunduko dute, elikagaiak gordetzen dituzte, eta landareak hiltzen direnean, baliatu egiten dituzte (ezer alferrik galdu barik). Euren gorotzen bidez lurra batuta egotea eragiten dute. Gramo bat lurrek bilioi bat bakteria ditu, 800.000 alga, milioi bat onddo eta hamar eta hogei milioi arteko aktynomizete. Benetako baratze ekologikoa nahi badugu, konposterako behar dugun guztia ekoiztu behar dugu, hori izango da gure ardura. Gero arituko gara gehiago karbonozko edo konpostezko laborantzen inguruan, momentuz soilik hartu kontuan gure azpiek konposta behar dutela eta ekoitzi egin behar dugula, ongarria beste leku batzuetatik erosiz edo mendiko lurra, behien bazka eta abar erabiliz gero, gure baratzeak uste duguna baino askoz ere leku gehiago baliatzen ariko dira. Uzta hondarrak konpostatzean, kendu genizkion elikagai ugari ari gara itzultzen lurrari. Baliteke gure lehen konpostean kanpoko osagaiak behar izatea, baina denborarekin beharrezko guztia ekoiztea lortuko dugu. Konpost honetan lau osagai nagusi erabiliko ditugu: karbonoa, nitrogenoa, lurra eta ura. Konpost guztiak karbonoaren eta nitrogenoaren arteko orekan oinarritzen dira. Nitrogenoa odola da, deskonposatzen behar duen energia, eta karbonoa, berriz, hezurrak, egitura emango diona. Zenbat eta material desberdin gehiago erabili, orduan eta aberatsagoa izango da elikagaia, aniztasun gehiago edukiko du eta errazago aireztatuko da. Orain azalduko dugu zer den nitrogenoa eta zer den karbonoa, baina azkar batean ulertzeko, nitrogenoa berdea edo freskoa da eta karbonoa zura edo lehorra.

Proportzioak: pisuari begira honakoak lirateke: 1/3 materia berde edo deskonposatzen erraza, 1/3 materia lehor eta 1/3 lur. Bolumenari begira, edukiko genuke zati berde bat, zati lehor bat eta laurden bat lur, karbono eta nitrogenoaren arteko proportzioa da 30/1, 65Cra iritsiko da eta sei bat hilabeteren buruan egongo da prest. Datu hauek guztiak apur bat nahasgarriak dira, baina gure konpostaren ezaugarrien ideia bat egiteko besterik ez dira. Konposta hotzagoa ere egin dezakegu, lehor gehiago eta berde gutxiagorekin, denbora gehiago emango du egiten, baina kopuru handiagoa lortuko dugu, elikagai gehiagorekin. Adarrekin aparteko konpost bat egin dezakegu, oso propietate onak izango dituena, baina bi urtez itxaron beharko dugu erabili ahal izateko.

1 0

Nola prestatu: beheko lurra 30 bat zentimetro bigunduko dugu urkila batekin, airea egoteko eta ura drainatzeko. Lehenik eta behin, 10-15zmko geruza bat jarriko dugu, erraz deskonposatzen ez diren materialekin: adarrak, esaterako, honek berriz aireztatzea ahalbidetuko du. Ondoren, 5zm landare lehor jarriko dugu, beste 5zm berde eta 1zm lur, eta ureztatu egingo dugu dena heze egon arte. Lurra garrantzitsua da, zomorrotxoak eta elikagaiak ematen dituelako, kiratsak eta euliak ekiditeaz gain. Janari hondarrak materia berdea dira eta denak erabil daitezke, hori bai: haragia erabiliz gero, kontuz, animaliak erakar ditzake eta. Oso garrantzitsuak dira kafe eta te hondarrak, hezurrak, arrautzaren azalak eta limoi eta laranja hondarrak. Garrantzitsua da euria ari duenean estaltzea, baina airea sartzea ahalbidetuta. Zulo bat eginez gero, litekeena da uholdea eragitea, gehiegizko lana eginda. Badaude konposta babesteko beste modu batzuk: oilategirako saretaz, egituraren batekin, eta plastiko batekin edo zakuekin estalita.

Non kokatu: lekurik onena da haritz baten edo zaharkituriko beste zuhaitz baten azpian (intxaurrondoa eta eukaliptoa izan ezik). Garrantzitsua da itzala izatea, baina bi metro behar ditugu konpostetik enborrera, ez dadin arazorik egon intsektuekin. Azpietariko batean ere koka dezakegu, uzten dituen elikagaiak profitatu ahal izateko gero. Betiere ur gehiegi sartuko ez den leku batean. Diseinatzeko orduan, hartu kontuan baratzean edo oso hurbil egon behar dela, bidaiak aurrezteko.

2.

1 1

Zenbat eta gehiago biratu, orduan eta azkarrago egingo da, baina elikagaiak galdu ere egingo ditu. Hobe behin baino ez badiogu ematen buelta, barrukoa eta kanpokoa homogeneizatzeko. Erabiltzerakoan guztiz egin gabeko zatiak badaude, gure hurrengo konposterako erabil ditzakegu. Neurriari dagokionez, metro kubiko bat neurtu behar du, edo handiagoa egin nahi badugu, 1,5X1,5X1,5ekoa izan daiteke. Hobe egun bakarrean eraikitzen badugu, baina ez badugu nahikoa materialik, aldi bakoitzean lur geruza batekin estaltzeaz kezkatu behar gara. Hobe da udaberrian edo udazkenean egitea. Konpost azkarragoa nahi izanez gero, nitrogeno kopuru handiagoa (gauza berdeak) erabil dezakegu, edo aire gehiago sartu (bueltak eman), edo materialak txikitu. Gure landarea bezala zaindu behar dugu, ureztatu lehor dagoenean eta estali hezeegi dagoenean. Tenperatura kontrolatzeko, aihotz bat sartu behar dugu eta bost minutu beranduago atera eta ukitu, bero badago seinale ona da. Badago jendea arrautza bat sartzen duena, eta biharamunean egosia badago, ondo. Kiratsa badario, baliteke ez izatea aire nahikoa, eta buelta eman beharko diogu. Inurriak agertuz gero, lehorregi dagoen seinale. Gure taulenetako laborea aldatzen dugun bakoitzean, 2,5zmko konpost geruza bat erantsiko dugu.

Materialak: material lehorrak edo karbono asko dutenak honakoak dira: artoa, lastoa, indabaren azala, hosto lehorrak, inausketa hondarrak (zatituta), belar lehorra, etab. Eta material berdeak edo nitrogeno ugarikoak: ongarri berdeak, sukaldeko hondarrak, kafea, algak, simaurrak (kopuru txikitan), hosto berdeak, uzta hondarrak, belar berdea, etab. Errazago lortzen da nitrogenoa karbonoa baino.

Bestelako ongarriak: nitrogenoa falta bazaigu, alpapa edo arrain-irinak erants ditzakegu, fosforoa falta bazaigu, berriz, arroka fosforikoa edo fosfato koloidala erabiliko dugu, eta, azkenik, potasioa falta bazaigu, manerazko errautsak eta granito txikitua. Hobe da gutxi botatzea gehiegi botatzea baino, eta hobe gutxi eta askotan asko eta gutxitan baino.

Ongarri berdeak: nitrogenoa hobetzen, lurra solte egoten eta elikagai lurperatuenak eskuragarri egiten laguntzen digute. Konbinazio ona zalke eta harearena da, funtzio guztiak betetzen ditu. Alpapa, indaba, baba eta beste leguminoso batzuk ere onak dira, baina fruitua eman aurretik moztu behar dira, lorea hasten denean, bestela, lurrean jarri dituzten elikagaiak eurek erabiliko dituzte. Ongarri berdeak dira lurrari jaten emateko eta ez guk jateko landatzen

1 2

ditugun laboreak. Moztutakoan, lurrean utzi edo gure konpostean erabil ditzakegu, hobeto profitatzeko. Gure baratzea planifikatzen dugunean, ongarri berdeak lau uztatik behin sartu behar ditugu. Hiru uzta ondoren lurrari ematen diogun saria da. Gure uztak iraunkorrak badira, zuhaitzak, esaterako, ongarri berdea lursaileko pasabide edo ertzetan landatu ahal izango dugu. Hosto-ongarriak: ez dute balio lurra elikatzeko, baina bai landareak elikatzeko. Konpost-tea, oilo-zirin ura, sendabelar-teak, fruta-ozpinak... egin ditzakegu. Garrantzitsua lurra zaintzea eta elikatzea da, ongarri hauek ezohiko kasuetarako dira. Zizare-konposatua: zizareak landa ditzakegu, eurek egin diezaguten lana; oso onak dira lurra deskonposatzen, eta gogoratu zure baratzean aurkitzea zure lurra osasuntsu dagoen seinale dela, ez itzazu hil! Bocachia eta bio-ongarri hartzituak. zailagoak dira martxan jartzen, baina azkarragoak.

3. Gertuko ereitea. Naturaren lana errepikatuz. Hazitegian ereitearen abantailak hurrengoak dira: lekua gehiago aprobetxatzen da (landare batzuk hazitegian dauden bitartean, besteak lurrean eduki ditzakegu); ur asko aurrezten dugu; hazitegiaren eremu txikian errazagoa da landareak zaintzea eta denak batera ernetzen dira, batez ere hazitegia kutxa bat bada eta banatuta ez badago. Konpostaren erdia eta lurraren erdia nahasten dugu (taulenetik sobera geratu zaigun lurra). Konpostaren humusari esker, haziak bi-zazpi aldiz azkarrago ernetzen dira. Behean haritzaren hostoak jartzen baditugu, drainatzea hobetuko dugu. Lurra oso buztintsua (gogorra) izanez gero, hondar pixka bat jar dezakegu. Modu honetan ia denetarik erein dezakegu, baina errefautxoen eta azenarioen kasuan hobe da zuzenean lurrean jartzea, eta artoaren kasuan, berriz, lurrean ereitea derrigorrezkoa da, ezin baita birlandatu. Hazitegiek gutxienez 8zmko sakonera izan behar dute, 15zm azen kasuan. Sakonera gutxiago badute, sustraiak behera laster heltzen dira eta landareak ahulagoak izango dira. Sustraiak behera ailegatzen direnean,

1 3

nahikoa hazi direla uste dute eta fruituak ematen hasten dira, eta honi zaharkitze goiztiarra deritzo. Azaren familiaren birlandaketa berezia da; hostoetaraino lurperatu behar da, bestela, enborra okertu egingo da, fruitua emateko behar duen energia asko galduta. Tipula eta baratxuriarekin kontrakoa gertatzen da; hobe da gutxi lurperatzea sustraia gehiago haz dadin. Hazitegiaren tamaina guk nahi duguna izan daiteke, baina kontuan hartu behar dugu mugitzeko erraza izan behar duela eta ditugun materialak profitatu behar ditugula. Ez dugu purraka ereingo. Oilategi-sareta fina erabiliko dugu eredua egiteko eta haziak banan-banan jarriko ditugu lekua ongi aprobetxatzeko. Haziak gutxi gorabehera 1,5zmko distantziara jarriko ditugu. Sakonera tamainaren araberakoa da: 2mmko luzerako hazia gainazaletik 2mmko sakoneran lurperatzen da. Ahal dela, hazitegiak berotegian jarriko ditugu, bestela, gauez etxera sartu beharko ditugu eta egunean zehar eguzkitara atera. Birlandatu baino bi egun lehenago etxetik kanpo utziko ditugu klimara egokituz joateko. Ernetzearekin gerta daitezkeen arazoak: lurra lehorregi egotea, sasoitik kanpo ereiten egotea, haziak zaharrak izatea, lurrak herbizidak edo esterilizatzaileak izatea eta lurra hezeegi egotea. Birlandaketa: Landareek benetako bi edo lau hosto dutenean egiten da. Lerroka birlandatu beharrean hiruzuloka egingo dugu, lekua hobeto profitatzeko.

Lehenik eta behin, labore nagusia birlandatzen dugu, distantziak neurtzeko bi makila erabiliz. Gero, landare txikienak, lehen hazten direnak edo onuragarrienak erabili gabe geratu zaizkigun lekuetan landatzen ditugu. Horrela, berriz ere, lekua aurreztuko dugu. Landareek ez sufritzeko ahalik eta gutxien ukituko ditugu eta sustraiak ez tolesten saiatuko gara. Onena ilunsentian edo goizean goiz birlandatzea da. Laban bat erabil dezakegu eredua ahalik eta lur gehienarekin ateratzeko. Birlandatzean beti ureztatu behar da! Landareak taulenetan jartzean, hazirik gabeko lastoaz, hazirik gabeko belar lehorraz edo mendiko hosto lehorrez egindako bigungarrian jarriko ditugu. Honek belar gaiztoak eta ureztatu beharra saihestuko du. Hauek dira plastikoarekiko abantailak: nahi dugun distantziara landa dezakegu, materia

1 4

organikoa gehitzen eta lurra aberasten ari gara, lurraren hezetasuna mantentzen da eta ur gutxiago behar dugu, eta gehiegizko hotz eta beroaren aurkako mikroklima sortzen da. Ohean 10zmko altuerako geruza ipini behar da, landareen inguruan zirkulu txiki bat utziz enborra ez usteltzeko. Ohe edo taulenaren neurria egokia bada, zapaldu gabe lan egin dezakegu, baina zapaldu behar izanez gero, ohol bat erabiliko dugu trinkotzea ekiditeko. Ohea zabalegi geratu bada, euskarri moduan harri bat jar dezakegu.

Ureztaketa. Euriaren ahalik eta antzekoen izan behar du. Ureztailua edo mahuka gora begira jar ditzakegu, ureztaketa leuna izanik. Azek, azaloreek... hostoak bustitzea gustuko dute. Tomateek eta lekadunek (babak, babarrunak, indabak...), ordea, ez. Bakoitzari, gustatzen zaiona emango diogu. Ureztatzeko ordurik onena ilunabarra da. Taulenen erdialdean, izkinetan baino hezetasun gehiago egongo denez beti, hauek gehiago ureztatuko ditugu. Konpostaren %2 gehitzen badugu, uraren %75 aurreztuko dugu. Eguzki gehiegi badago, itzal-sareta jarriko dugu, uraren %63 aurreztuta.

Belar gaiztoak. Sistema honekin nahikoa da prozesu osoan zehar belar gaiztoak behin kentzea, eta gure lurra aberasten joan ahala, belar gaizto gutxiago agertuko da. Belarrak kendu aurretik, ona da hauek zein diren jakitea: lurra nolakoa den jakiten lagun diezagukete eta batzuk onak izan daitezke jateko, sendatzeko edo gure barazkiei laguntzeko.

4. Haziak: Lurra asko zaintzen badugu ere, eta gauzak ongi egiten baditugu ere, mundu osoko nekazarien arazorik handiena haziak dira. Multinazionalak hazien jabe bilakatu dira eta euren mesederako aldatzen dituzte, baita genetikoki ere. Geure haziak gordetzea eta elkartrukatzea debekatu egin digute. Baina debekatuta badago ere, jakin beharra dugu hau dela bizirauteko modu bakarra: haziak zaintzea eta gordetzea. Dendako haziak tratatuak izan dira eta, hortaz, ahulak dira, agrokimikoekin lan egiteko prestatuak izateaz gain. Ahal dela, haziak gure ingurukoei eta lagunei eskatuko dizkiegu. Hortik aurrera, leku bateko edo dendako haziak badira ere, gordetzen saiatu behar dugu. Batzuetan dendako

1 5

haziak antzuak direla ikusiko dugu, baina beste batzuetan, ordea, lortuko dugu. Euren haziak eman eta gordetzen irakasten lagun diezaguketen hazi-sareak eta ekoizle ekologikoak badaude. Hau izango da beti biderik onena. Urteak pasa ahala, gure haziak lurrera eta gure lan egiteko modura ohitzen dira. Honek ekoizpena handituko du, eta izurriteak nola gutxitzen diren ikusiko dugu. Hurrengo urterako hazirik onenak gorde behar dira beti. Jakin behar dugu haziak nola gorde, eta hibridoak eta, jakina, transgenikoak edo genetikoki eraldatutako haziak saihesten. 5. Asoziazioak eta txandaketak. Landare batzuek on egiten diete beste batzuei; batzuek elkarri laguntzen diote, barazkien usainean eta zaporean eragina dute, ekoizpenean eragina dute, etab. Lehen esan bezala, lehen pausoa da paper baten aurrean esertzea eta baratzea diseinatzea. Kanpoko diseinua: itxura... garrantzitsua da, baita taulen bakoitzean zer landatu behar den eta barazkiak nola jarri behar diren jakitea ere. Adibidez, lan gehiago ematen digutenak edo lehenago biltzen direnak gertuago jarriko ditugu, eta lan gutxiago emango digutenak urrunago. Landare usaintsuak, albaka, erromeroa eta abar aire-korronteetan jarriko ditugu, usaina baratze guztian zehar zabaltzeko. Gertu bizi direnekin eta ereiten denbora daramatenekin hitz egitea garrantzitsua da, haiek zein izurrite dauden, zein landare doazen ondo, noiz erein behar den... baitakite. Horrez gain, lehen urtean eremu txiki bat erein behar dugu, eta eremua eskarmentua hartu ahala handitu. Asoziazioak egin ahal dira, landareak nahastuz ala tartekatuz, edo baratze-alorra zatitan banatuz eta zati bakoitzean landare bat jarriz. Bigarren sistema honek txandaketak eta distantzien kontrola errazten ditu. Bi landareren arteko harremana ona izateko arrazoi ugari dago: batari eguzkia gustatzea eta besteari itzala, batek sustrai sakonak izatea eta besteak azalekoak, bata hasten hasi orduko bestea hazita egotea eta belar gaiztoak haztea ekiditea (azek edo koltzek, esaterako, izurriteak saihesten dituzte). Hona hemen hainbat adibide: eguzki-loreek ez diete hazten uzten zenbait barazkiri; txilearen usaina ona da euli zuriarentzat, baina ez da ona luzokerra eta kuiatik gertu; landare usaintsuak eta sendabelarrak edukitzea ona da intsektuak ekiditeko; loreak ere egon daitezke; kolonaurreko asoziazioak erabiltzea: indabak artoa eta kuiarekin; porrua (poroa) eta azenarioa; artoa, uhaza, porrua eta aza. Asoziazio onuragarrien taulak ugariak dira, baina lekuak ezberdinak dira eta garrantzitsuena behaketa eta gure baratzetan esperimentatzea da.

1 6

Landareak espazioan konbinatzea bezain garrantzitsua da denboran konbinatzea; hau da, txandaketa. Landare familia bakoitzak elikagai ezberdinak behar ditu eta gaixotasun bereziak ditu. Laboreak lekuz aldatzen baditugu, uhazak tomateen lekuan jartzen baditugu, tomateak erasotzen dituzten zomorroak joan egiten dira eta lurra ez da hainbeste ahultzen. Laboreak txandakatzeko, gutxienez hiru modu daude: Lehena eta errazena jaten dugunari erreparatzea da: orain sustraidun landareak (errefautxoak, azenarioak) baditugu, gero fruitudunak (tomateak, piperrak) izango ditugu, gero hostodunak (uhaza) eta gero loredunak (azalorea, brokolia). Sistema hobetu nahi izanez gero, pixka bat zaildu eta familiei erreparatuko diegu. Errazagoa izango da baratzea lau zatitan banatzen badugu. Baratzearen plangintza egitean, unean zer landatuko dugun pentsatzeaz gainera, hurrengo laboreak zein izango diren pentsatuko dugu. Familia nagusiak hurrengoak dira: 1. brokolia, azalorea, aza, errefaua. // 2. zerba, erremolatxa eta ziazerba // 3. azenarioa, martorria, perrexila, apioa // 4. tomatea, piperra, patata, tabakoa // 5. tipula, baratxuria, porrua (poroa) // 6. uhaza, eskarola // 7. babarruna, indaba, lekak, babak, soja // 8. kuia, kuiatxoa, luzokerra, meloia. Hirugarren sistema konplexuena da, baita eraginkorrena ere. Sistema honek labore bakoitzak behar dituen elikagaiei erreparatzen die. Landare batzuek lur oso emankorra behar dute: tomatea, kuia, uhaza, artoa... Beste batzuek, aldiz, ez dute gehiegirik behar: piperrak, azenarioak, erremolatxak, artoa... Hirugarren batzuek, lekaleek, lurra ongarritzen dute: babak, indabak, babarrunak, alpapa... Sekuentziarik onena hurrengoa da: lehenik asko behar dutenak, bigarrenik lurra hobetzen dutenak eta hirugarrenik gutxi behar dutenak.

6. Sistema iraunkorra, 60-30-10: Karbono ugari duten landareak landatu. Iraunkorrago izaten saiatuko gara, eta gure konposterako karbonoa ekoiztuko dugu. Gure lurra emankorra bada ere, hau hobetzeko kanpoko elementuak erabiltzen baditugu, ditugun baliabideei ez diegu probetxurik aterako eta, gainera, gure planetari ez diogu mesederik egingo. Lehen urteetan atalik zailena izango da hau, eta lastoa eta kanpoko beste elementuak beharko ditugu, baina argi izan behar dugu gure helburua izango dela gure lur zatiak behar beste ekoiztea. Ziurrenik ez dugu %100ean lortuko, baina baliteke %99ra ailegatzea. Nitrogenoa lortzea nahiko erraza da: janari hondarrak, uzta hondarrak, belar gaiztoak, ongarri berdeak... Baina karbonoa lortzea zailagoa da. Sistema honen helburua da baratzearen %60 karbonoa lortzera bideratzea. Gehiegizkoa eman dezake, baina labore hauek konposterako karbonoa eta gure janeurrirako kaloriak eskaintzen dizkigute.

1 7

Karbonoa pilatzeko gaitasuna daukaten landareek, lurra sortzeko gaitasuna ere badaukate. Besteak beste, amarantoa, garia eta arroza dira; hau da, aledunak (zerealak eta lekak). Alpapak eta zolda-belarrak ere funtzio bera betetzen dute, baina karbonoa konpostari eman beharrean, zuzenean lurrari ematen diote sustraien bidez. Landare batzuek, artoak eta eguzki-loreak, esaterako, karbonoa zein jana ematen digute. Beste batzuek, ordea, karbonoa baino ez digute emango eta baratzeko ertzetan landatuko ditugu. Zentzu honetan, mahatsondoak eta hurrondoak oso onak dira. Landatu kaloria ugari duten produktuak. Lurraren %30 kaloriak lortzera bideratzen badugu, elikaduraren kalitatea hobetuko dugu. Produktu batzuek kaloria asko ekoizten dute eremu txiki batean (baratxuriak, patatak) eta beste batzuek, berriz, kaloria asko dute kiloko: zerealak (artoa, garia, garagarra, zekalea...), kakahueteak, tipulak eta sustraidun landare gehienak (erremolatxa izan ezik). Hortaz, geratzen zaigun %10 mineralak eta bitaminak lortzera bideratuko dugu, horrek nahikoa izan beharko luke.

7. Osotasuna. Sistemaren pauso guztiak jarraitu ezean, lurra hobetu ordez, alferrik galduko dugu. Hasieran zaila izango da, baina gure helburua da sistema bere osotasunean kontuan hartzea eta pausoak jarraitzea.

HIZTEGIA PALA ZUZENA

D ERAKO KIRTENDUNA

SARDE

1 8

KOILARA ERAKO PALA

ESKUAREA

BIBLIOGRAFIA Cultivo Biointensivo de alimentos. John Jeavons. Cultive Biointensivamente. La produccin sostenible de alimentos. Cultive Biointensivamente. Apuntes para el cultivo Biointensivo. Karla Arroyo, Mexiko, 2004. Hortalizas orgnicas. Mundo mujer, Oaxaca 2005. Manual de produccin de hortalizas orgnicas. Rosario Checa. Managua. Cmo trabajar con hortalizas orgnicas. Chiapas, 2005. Gua para guardar semillas de hortaliza. Chiapas, 2004.

1 9

You might also like